Ana səhifə

Bederatzigarren katabutatik


Yüklə 19.44 Kb.
tarix17.06.2016
ölçüsü19.44 Kb.
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=plaza&data=2007-09-11&orria=046&kont=001

2007-09-11 1256 hitz



Bederatzigarren katabutatik

Habanako Malekoia ez da pasealeku bat, bizitzarako toki bat

baizik. Eta bizitza honetan, hildakoa naiz. Zer kontatu, eta nola, aurrez idatzitakoak errepikatu gabe?

Iñigo Aranbarri

Humboldt-ek ezin hobeki hautatu zuen hiria, ondo zekien nora zetorren. Bederatzigarren solairuko leiho zabalean kiriketan, ikusi egiten dut bokale muturreko horma gainera igoa, nabarmen Karibe kutsatutik zerbait atera nahirik dabiltzan kanaberen artean, turista-ehiztariak dituela inguruan.

- Habanorik? Farloparik? Kubatar neskatxa gozoren bat akaso?

Humboldt ere, Habanan egona baitzen Habanan izan aurretik: «Portuaren ziurra eta ederra, ezaguna da aspalditik beste deskribapen batzuei esker. Sarrera bakarrik, harrigarriro estua da, eta irteera eta arribada, ez arriskurik gabeak». Idazkera, oso du garaikoa baroi bidaiariak: «Goian, ikusmirak liluratu gintuen. Lautada amaigabea genuen aurrean; olaturik gabeko eguerdi lasaiaren inguruan, orduan zirudien egiten zuela gora, ganduak zerumugan bezala. Mendiaren bakardade gorria itsasoari eta zeruari zegokion, zeruak eta lurrak, biek batera, eremu gaitza erakusten zuten, eta malenkoniara bultzatzen».

Deskribapena Pasaiako bokalarena da, baina balio du Habanarako ere, Uliak Ulia eta Jaizkibelak Jaizkibel, hain dira antzekoak biak sarrera estuan eta edertasunean.

- Atzo ere, ito bat atera zuten hortik --diost etxekoandreak, atzamarrez malekoi zaharraren harroinetan osatzen diren putzuetako bat seinalatuta.

- Hor?


- Bai, hortxe.

Eta hatza luzeagoa egiten da, eta honekin baita azalpena ere. Urpean zebilela olatu bat heldu eta irten ezinik gelditu omen zen, auskalo non katigatuta.

Atergabean ari du, bustitzen ez duen tropikoko euri guria. Banderarik ikusten ez diodan Sea Commander zamaontzia ari da ateratzen puntatik, atoi ontzia duela saihetsean. Erdi hutsik doa, doan tokira doala. Ordu erdi baino lehenago, eta zerua argitzen hasia dela, Nirint Atlas urdina sartuko da, kontainerrak, kamioiak eta autobusak daramatzala bizkarrean. Ez da beste sartu-irtenik izango. Portu ederra izanagatik, ez dago mugimendu handirik. Humboldtek ez du ezer idatziko hortaz, baina blokeo ekonomikoa antzeman egiten da honetan ere.

- Zikloia omen dago Mexiko gainean.

Aste zein jai, ateri bada, beti dabil jendea Malekoian. Neu nintzen jendea bart. Coppelia aurrean uzteko eskatu nion Ceciliari, oinez egingo nuela etxerakoa. Antagonisten arteko elkarrizketarik gabe, probatu nahi nituen David eta Diegoren izozkiak, eta hala eseri nintzen barrara, ez marrubizkoa ez txokolatezkoa dastatzera, gozozale halakoa, bosteko entsalada bat baizik.

- Noiz artatu behar gaituzue! --egin du oihu norbaitek barran, lau jesarleku ezkerretara.

Irribarrea atera zait. Ez zen etorri zahar ere. Umorez hurreratu zaio zerbitzaria:

- Ea, nor dabil hain estu?

- Hau egunero sufritu beharko bazenu, ez zenuke barrerik egingo --egin dit errieta amultsuki aldameneko mutilak.

Coppeliaren aldamenean diren Yara zinemetan, Arturo Sotto-ren La Noche de los Inocentes ematen ari dira, Jorge Perugorria eta Silvia Aguila-rekin. Kalearen bestaldean, Habana Libre hotelaren atarian, jendea igo zain dagoen autobusak Zorionak ematen dizkit gidariaren leiar gaineko pano hori-beltzean, neure hizkuntzan. Bilbokoa, begitandu zait, baina bertoko kolore zuri eta urdinez estalia du azpiko pintura. Munduko beste toki askotan bezalaxe, autobusetan, kamioietan, zabor ontzietan, Habanan ere ezagun dira kanpo laguntzaren aztarnak frantses, gaztelera, italiera, katalan zein euskarazko idatziek salatuta.

Rampan behera, Malekoira iritsi gabea artean, ahots bat gerturatu zait gibeletik:

- Euskalduna?

Nire isiltasun zuriak ez du laguna isilarazten baina. Nabaria naiz, ezagutzen errazegia, olagarrotan egiteko kakoari jartzen zaion zapia, zein azal zuri duzun...

- Espainia, Frantzia, Italia...?

- Prusia!

- Rusia? Zu ez zara errusiarra... nola zaizu izena: Juri, Vladimir, Mikhail?

- Junbol.

- Junbol! Zeinen izen polita!

Den ibilerarik zaluena du Junbolek, ordea, eta zango handiz gurutzatu ditu hiru eta hiru, sei erraiak, kresal usainak muturrekoa eman dion arte.

- Agur Junbol! --egin dit oihu neskak amore emanda beste espaloitik.

Eskua altxatuta agurtu dut. Malekoian nago, baina Humboldt bezala, ni ere egona naiz hemen hona etorri baino lehen. Buenos Airesek, New Yorkek, San Petersburgok, Mindelok edota Bagdadek bezala, hori ere bai baitu Habanak. Pasieran ibilia naiz Malekoi honetan orain baino lehen. Ibilia naiz Fidelen osteko aldrarekin batera. Ikusia naiz euskal kintoak kezkaz heltzen eta baltseroak negarrez ateratzen Floridara bidean. Hemendik. Horregatik guztiagatik, badakit zer esango didan hemen datorkidan morroi honek. Ordua galdetuko dit, nongoa naizen asmatuko, eta kokaina eskainiko dit azkenik. Edo pinu zuztarrak, habanoak direlakoan. Edo bere lehengusina. Eta lotsagabe bihurtzea ikaste kontua da, ikasi behar dut eurak adina gezur esaten.

- Farlopa?

Aprobetxatu beharko zukeen Fidelek, eta esan ez espainolek okerreko tokian eraiki zutelako hiria, Malekoiko etxeak, Habana Zaharrekoak, Centro Habanakoak horrela daudela, hain biluzik, hain bistan adreilua, kanpoko azala galduta, eskrupulorik gabeko turistek esnifatzen dutelako hormetako karea. Eta esaten ez dena: ez etxeek, uhartea utzitako aberatsenak ziren etxeetan behartsuak egoteak ematen duela min beste ezerk baino.

Almejeiras Anaiak ospitalean, argi batzuk piztuta, norbait bizirik mantentzeko ahaleginean. Tropikoko erietxerik prestatuena Habanako tokirik ederrenean, horra Fidelen ametsa. Hain gertu zerutik, ordea, non material kirurjikoa hondatzen dien kresalak. Espainolei etxeekin gertatu zitzaiena. Malekoiko hormara igota, koadrila handiak daude eserita itsasotik datorren haize freskoa hartzen. Diskoteka aurrean, polizia bat oihuka walki-talkiz. Nortasun agiri bat du esku artean, eta antenaz bestalde duen lagunak ez du, antza, izena garbi ulertzen. Karnetaren jabe den Yudmila Herrerok barre egiten dio.

Ni egona naiz hemen. Eta badakit, hemen, arbolena betetzen dela. Hau ez dela Kuba, edo hobeki esanda, Kuba ez dela hau bakarrik. Banuen lagun bat Bilbon esaten zidana, «niretzat, bi arbola mota bakarrik daude: pinuak eta arbolak». Hemen ere, luze gabe entzungo dut lege honen kubatar bertsioa, «ez ahaztu bi Kuba daudela: Habana eta Kuba».

Bokaleko faroko argiak silueta mozten dio lotarako dudan etxeari. Inguruko garaiena da eta bitxiena. Itsasalderako leihoek hildakoen kutxak dirudite. Hala dago zabalduta zurrumurrua, funeraria baten jabeak eraikiarazi zuela, eta ikusi egiten da, balkoi modernistak katabut urdinak dira elkarren gainean pilaturik, ehorztetxe bateko biltegian bezala...

Gauak ez dit aukerarik eskainiko, ordea. Bebarrura heldu arte, ez zait inor hurbilduko esateko «Papito, eroango nauzu zurekin?». Berotan blai, oinak hanpatuta, izaraz estali gabe etzan naiz ohe gainean, leihoa zabalik dudala. Isiltasuna erabatekoa da, gaur ez da autoetatik datorren regetonik entzuten. Jaiki eta leihora atera naiz. Muturreko Gazteluan, araldea dago pilatuta zangaren aurrean. Ahots aratz batek opera dirudienari ekin dio. Gaua itsasoraino jaitsia da. Miragarriena da hormen barrutik datorrela, preso bat dela tenorea. Amaitu duenean, txaloek luzaroan estali dute olatuen hotsa.

- Nor zen bart gazteluko ziegatik abesten zuena?

- Atzo?

Gatibu kantariarena kontatu diodanean, etxekoandrearen begiek muturreko faroaren barrea egin dute.

- Aramburok beharko zuen izan, Antonio Aramburo. Behin baino gehiagotan egin zuen, antzokiraino joan, Payret berritua zen orduan, eta ez kantatu. Hiriko prentsak salatu ere egin zuen, «abestu gabe bizi zela. Gatibu sartzen zuten, leihotik aurrez aurre duzun ziegan, eta gizonak, preso, kantatu egiten zuen. Eta nola! Goizaldeko ordu txikiak arte aritzen zen aria haiekin, eta jendea miraz hor, Muturreko Gaztelu atarian...

Ehun eta hamasei urte bete dira gertaerotatik. Hori dute lehendik ezagututako tokiek.

- Zaude pixka batean.

Eguteran dituen landareen artean galdu da. Sukaldetik, kafe usaina.

James Joyceren Dublindarrak dakarkit, jatorrizko edizioa, auskalo zein armairutatik aterea. Begira, diost. Eta han dago Aramburo, Hilak-en, Brown jaunaren gogoetetan, Dublinen opera ona entzuten zen garaietan.

- Papito, zein etxetan zaude? Ez nauzu zurekin eroan nahi?

- Bederatzigarren katabutan.

Gerra hotza tropikoan

Blokeoa aitzakia, Ameriketako Estatu Batuek ez dute enbaxadarik Habanan. Suitzakoan dute, ordea, Iparramerikar Interesen Bulegoa, Vedadon, Malekoi gainean. Eta kasualitatea, herrien arteko elkartasuna, Kubak Maine ontziko biktimei eskainitako monumentutik bertan.

Gau eta egun poliziak inguruan, Habanako afixa politiko ezagunena duela gibelean, «Inperialista jaun-andreok, ez dizuegu inongo beldurrik». Benazko gerra hotz tropikala da eraikinaren aurrekoa.

Bushen gobernuak etengabe bidaltzen ditu mezuak argi-panel gorritik. Batzuetan, Bill Gatesi buruzko albiste ekonomikoa izan daiteke, beste batzuetan, asmo iraingarri garbiagoz egotzitako mezua: «Kubako emakumeak lurrin pote batengatik saltzen dira».



Eraikinaren aurrealdea, CIAk eta Posadas Carriles-ek Barbadosen leherrarazitako hegazkinean zihoazenen oroimenezko izar zuridun bandera beltzez estali da nagusiki, bat hildako bakoitzeko. Eta gehiago. 138 guztira. Itsaso ertzean dago, baina Banderen mendia deitzen zaio.

 


Verilənlər bazası müəlliflik hüququ ilə müdafiə olunur ©kagiz.org 2016
rəhbərliyinə müraciət